XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Esna nagok, esan zion, ibil hinteke lasai, urduri egoteko arrazoirik ikusiko bailuen.

Ordulariari kuerda ematen entzundakoan itzuli zen.

Beti bezala, zakarki ematen ziola egiaztatu zuen, koroari bueltak beti alde batera emanez alegia, eta ez leunki, atzera eta aurrera, itzuli erdika.

Bere onetik ateratzen zuen tratu txar hura ikusteak; gau-mahaian uztean, adibidez, uhalaz babestu ordez, esfera zuzenean marmolaren kontra lagatzen zuen.

Behin baino gehiagotan egon zen esateko, era hartan makinaren olioa hotzarekin lehortu eta erlojua hondatzeko arriskua zegoela, eta halakoetan, eskuetatik kentzeko gogoaren kontra borrokatzen zelarik, esfera zuri hartan gauzaturiko orduen oroitzapena amesgaiztoek ohi duten zehaztasunez zetorkion gogora.

Aitaren eskuak berea estutu zuenean, adibidez, gero objetu hotz eta astun bat bezala izara gainera erortzeko.

Orratz laburrak omega maiuskularen konkabotasuna seinalatzen zuen, eta artean oinazea distira heze bat baino ez zen begietan, orratz luzea omega gurutzatuz elkartu zitzaionean.

Oyster perpetual 15 jewles swiss made irakurri zuen bere inguruan errezo aspertuen murmurioa hedatu zenean.

Momentu bat besterik ez zela izango esan zion, eskuetan zituen galtzerdiak erakusten zizkiola, eta berriro ere komoda aurrean makurtu zen.

Aplikeak isurtzen zuen argiaren azpian, ia ez zituen bereizten kolore ilunak eta argiak, eta etsita zegoen berdeak janztera.

Hala ere, makurturik jarraitu zuen besteak goiko argia piztuko zuelakoan, edo berak piztu zezakeela noiz entzungo zain, baina hark ez zuen piztu, eta piztekorik ere ez zion aipatu.

Besterik gabe, etendako hariari berriro helduko bailion, ikaraturik, ezta? galdetu zion,(...)